Live
|

ASCION

Bio

Oparoa, sutsua eta askea, hala sortzaile nola editore gisa. Pasquale Ascione, aka Ascion ez balego asmatu beharko litzatekeen artista horietako bat da. Izan ere, egungo technoak haren txindurri-lana behar du, moda eta joerei begieratzen ez diena, bizirik jarraitzeko eta munduko beste ezein musikak ez bezala erakartzen eta hunkitzen jarraitzeko.

MUGAKOn dauden beste ekoizle eta artista askorenaren antzekoa da haren historia eta, aldi beean, bakarra eta imitaezina, behetakoa delako, berea delako. Eta hori haren musika fresko, amore-ematerik gabe eta beti bizigarriari antzematen zaio.

Napoliko Ottavianon jaio zen Pasquale, Vesubio sumendiaren oinetan. Irudi horrek metafora errazak dakartza gogora, kaleetako eta dantza-pistetako su eta intentsitatezkoak, baina, berez, Europako beste edozein hiritako erdi mailako klase geldo eta hutsaren asperdura berbera ezkutatzen da han ere. Gogaitasun horrek elkartu zituen Pasquale eta Davide Carbone musika elektroniko ezagutu berriagatiko zaletasun berbera zutelako, eta elkarrekin ihes egiten zioten egoera horri trackbat bestearen ondoren sortuz, entzunez eta dantzatuz. Txikia egin zitzaien berehala Ottaviano eta Urbinoko Arte Ederren eskolan eman zuten izena, iparraldean, Italiaren beste muturrean, eta hara joan ziren, aukerak zabaltzera eta beren ametsak betetzera, soinuzko eta ikusizko lanetan. Eta handik, beste asko bezala, Berlinera, non bizi baitira gaur egun.

Daviderekin eta Ninorekin (Shapednoise) batera, Berlinen ezagututako beste hurbileko laguna, REPITCH Recordings sortu du, Europan dagoen diskoetxe inkonformista garrantzitsuenetako bat. 20 artista baino gehiagoren lanak argitaratu dituzte han, berenez gain, mezu eta erreferentzia «ezkutuz» betetako eta Ascionek berak sortutako estetika txit zaindu batekin. Haren hitzetan: «gure gustuen konplexurik gabeko nahasketa da diskoetxearen muina, sail batzuk eta besteak egituratzen dituen estetika komun batez gainera. Ez dago inongo konpromisorik. Horrek zailagoa egiten ditu gure bizitza eta gure biziraupena… baina nahiago dugu horrela egin. Benetakoak izan nahi dugu, eta artistek nahi dutena modu askean sortzeko plataforma bat eskaini. Gainera, jakin-mina handiagoa izaten da horrela lan berriak plazaratzen ditugunean».

Jakin-min aseezina da Ascionen akuilua. Horregatik bere burua etengabe asmatuz lan egiten du: «Gehienetan kontzeptu batetik abiatzen naiz. Gero guztiz suntsitzen dut, erabateko abstrakzio maila batera irisi arte eta berregin egiten dut atzera». Berez, Repitch ere Pitchers-en —D Carbonek eta Ascionek elkarrekin sortu zuten lehen proiektua— berrasmaketa bat da: «Inoren idatzitako eta idatzi gabeko arauei men egiten ez diegun beste bidaia bat. Nik ez dut nire musika sortzen diskoetxean edota sailkatuko den kategorian pentsatuz. Gehienetan etengabe aldatuz doazen ideia lausoak dira, une jakin batean behin betiko itxura hartzen dutenak. Lan egiteko modu horrekin gozatzen dut gehien».

Musikak bizia sortzeko duen boterean sinesten du Ascionek. Bizi berria, ihesaldi birtual baten erara, baina baita bizitza benetako, ukigarri eta fisikoaren eran ere, harekin eta gainerako guztiekin klubean partekatzen dugun esperientzian. Gure klubean. Urrian. MUGAKOn.

Video