Live
|

JK FLESH

Bio

“JK Flesh hiri proiektua da, bizi naizen landa eremu lasaiak ez du eraginik. Inspirazioa bilatzeko jaio nintzen hiri hartara itzuli behar naiz, sekula bakean sentitu ez nintzen toki berera. JK Fleshentzat sortzen dudanean, hazi nintzen tokian zegoen porlan guzti hori sentitu dezaket” Justin K

Jaio eta hazten garen eremuek, gure sormenak eta mundua begiratzeko moduak baldintzatzen dituzte. 80. hamarkadako Europa gris eta industrialean hazi ginenontzat, hardcorearen zarata basatia beharrezko askatasun oihu bat suposatu zuen. Napalm Death taldeak suposatu zuenaren antzera gaur egun Mick Harris eta Justin K Broadricken proiektuek beharrezko askatasun oihuak dira. Dudarik gabe aurtengo Mugakon gehien espero diren emanaldietako bi.

JK Flesh, Justin K Broadrickek bere sormen elektronikorako erabiltzen duen ezizena dugu. 90. hamarkadan Kevin Martinekin (The Bug) Techno-Animalen burututako elkarlanetik abiatuz, ehundura industrialak, techno erritmo boteretsuak eta dub sakontasuna antzeman ditzakegu bere lanetan.

Hala ere, JK Fleshetik haratago, Boradricken sormena sekulakoa da aniztasun, anplitude eta energia sonikoari dagokionez. Napalm Death grindcore taldean abeslari eta gitarrajole moduan jarduten zuen nerabetik hasita, industrial-metalaren aitzindariak izan ziren Godfesh taldeko sortzailea izatera, musika elektronikoaren esparru ezberdinetatik igaroz, hala nola hip-hopa, breakbeata, drum&bassa edo ambienta landuz elkarlan ugaritan, betiere estilo bakoitzaren funtsa bilatuz. Jesu taldean berriz, bere alderdirik pop, hunkigarri eta introspektiboena lantzen du.

Bere sormen oparoa kaleratzeko, 1999tik Avalanche Recordings disketxearen burua da. Hala ere, JKren lanak beste zigilu batzuetan aurki ditzakegu, esaterako Mille Plateaux, Hospital Recordings eta bereziki Downwards Recordsen (Regisen zigulua, gure heroietako bat eta seguruenik MUGAKO unibertsoa eta JK lotzen dituen nodoa). Garatzen duen technoa “Post-Human”en aurkitzen genuen nortasuna mantentzen du: soinu zikin, basati eta lehiakorra. Kaleratzear dagoen”New Horizon” diska berrian ere aurkituko dugun nortasun bera.

Etengabeko jardueran 32 urte badaramatza ere, Justinen aburuz track, diska eta zuzeneko berri bakoitza hoberena da. Aurrera begiratzeko grin honek bere hiperaktibitate arazoak bideratzen lagundu dio, ezezkotasuna soinuaren bidez kanalizatuz eta bete-beteko arduraldia eskainiz bere artean.

Berriki The Quietusen eskaini zuen elkarrizketa batean honakoa adierazi zuen “Egiten dudan guztia nire pertsonarekin lotzen du jendeak eta horrek deseroso sentiarazten nau. Proiektu bakoitza bere funtsean ulertzea gustatuko litzaidake, atzean dagoen sortzaileaz haratago… Etengabeko eztabaidak daude honek bestearen gainean duen meritoaren inguruan eta hori aspergarria da. Musika benetan denagatik hartzea gustatzen zait. Musikarekin ezezkorra izatea alferrikakoa eta ergela da. Ona eta txarra kontzeptu subjektiboak dira guztiz”. Arrazoia duzu Justin, baina zurea oso ona dela ziurtatu dezakegu eta zu ikusteko irrikaz gaude MUGAKOn.

Video