Live
|

MICK HARRIS AS FRET

Bio

Justin JK Flesh bezala, Mick Harris aka Fret Napalm Death taldean jardun zuen hiru hamarkadetan. Harrisen bateria jotzeko modu energikoak estilo propio bat eratzen duela esan genezake, berez Grindcorearen sortzaileetzat hartu izan dira beti britaniarrak. Baina Mick ez zen grindcorearekin konformatu eta Justinen bidea jarraituz, taldea utzi zuen 90. hamarkadaren hasieran musika elektronikoak eskaintzen zituen aukerak frogatzeko. Orduz geroztik sortu dituen proiektuetako batzuetan, hala nola, Monrellan (techno) edo Quioiten (drum & bass basatia) Napalm Deathen jorratzen zituen erritmo gogor eta azkarrak. Beste batzuetan aldiz, Mick kontrako muturrera hurbildu da. Esaterako, Lull edo Scornen ambient isolazionaistak edo dub musikaren soinu manipulazio narkotikoak (beti ere ikutu industrial zikinekin) Bill Laswell, Techno Animal, James Plotkin, Robert Musso edo Anton Fier bezalako artistekin.

MUGAKORA Fret ezizenarekin etorriko da Harris,22 urteren ostean berpiztu duen proiektuarekin. Azkenaldian argitaratu dituen Over Depth LPa (Karl Records) eta Silent Neighbour EPak (L.I.E.S.), Harrisen alorrik dantzagarriena islatzen dute. Techno estilotik hurbilen dagoen Harrisen alderdi honen sorburua, Karl O’Connorrekin (Regis, Downwards Records) duen adiskidetasunean aurkitu dezakegu. Karlek Mick techno dantzaren munduan murgildu zuen Jeff Mills edota Dave Clarken ekoizpenekin, 90. hamarkadaren hasieran gu guztiok harrapatu gintuen pozoia hara! Regisekin elkarlanean aritu zen, honek Surgeonekin harremanetan jarri zuen Mick, lehen grabazioa ekoiztu eta une horietan Birminghamen gauzatzen ari ziren proiektu guztietan murgildu zen, gerora hiri horretan garatu zen soinu historikoa garatuz.

Otso bakartia dugu Mick. Bere estilo pertsonala bakarra eta besterenezina da. Nahiz eta Surgeon eta Regis edo Ontal, Vatican Shadow / Prurient, Fausten, Shapednoise bezalako ekoizle boteretsu, ilun eta urratzaileengan eragina izan duen, beti pauso bat aurrerago doala dirudi, gaindiezina da. Ondare ikaragarri honen arrazoia Micken izaera guztiz independentea da, hala ere, bere nortasun zalantzati eta oldarkorrak hainbat estualdi eragin dizkio. 2011. urtean musikaren mundua utzi zuen, frustrazio eta haserrealdi anitzez nazkatuta. “Zubi asko hurratu ditut urte guzti hauetan. Nere buruarekin zintzoa izan behar naiz eta non huts egin dudan eta noiz pasatu naizen onartu, eta akatsetaz ikasi” adierazi zuen berriki eskainitako elkarrizketa batean. Orain bueltan da, sortzeko grinak bultzaturik (hoberen egiten duena bait da) , akats berdinak ekiditzeko erabakia duen eraberritutako Mick Harris berbera. Momentuz, disko itzela eskaini digu eta gogoz espero dugu MUGAKOn, aro berri honetan jarrai dezan.

Video