DMX Krewren inguruan dagoen guztia goi mailakoa dela esan daiteke. Aphex Twinen Rephlex disketxearen eskutik ezagutzera eman zen 90. hamarkadaren hasieran, DIY elektronikaren zeinu bilakatuz. Disketxe berarekin 18 lan sortu ditu, kontuan izan gabe gainontzeko zigiluekin argitaratutako 50 diskak (baita Breakin' Records eta Fresh Up DMX Krewren zigilu propioen bitartez). Bizitzan zehar 1780 track ekoitzita zituela aditzera eman zuen duela gutxi egin zioten elkarrizketa batean.
Bere estudioa, arretaz aukeratutako eta beti kitapenetan erositako elektronika vintage gailuen museo itzela da, modan dauden hardware garestiei uko eginez. Bere ekoizpenari dagokionez, oparoa eta norabide anitzekoa dela esan genezake. Era honetan, bere sen sortzailea jarraituz eta imitaziotik aldenduz, acida, electroa, boogiea, synth-popa, italo-discoa eta housea bezalako estiloak antzeman ditzakegu bere obretan, betiere xehetasunak zainduz, old-skool ikutu zoragarri batekin. Nahiz eta inoiz ez duen hit esanguratsurik argitaratu, bere ibilbidearen sendotasunak miresmen ikaragarria sortu du, kultuzko artista bilakatuz.
DMX Krew bakarra eta paregabea da, berari buruz esan dezakegun oro motz geratuko da. Geratzen zaigun bakarra gonbidapena luzatzea da eta urrian eskainiko duen set-arekin liluratzea.