|

B12 (STEVE RUTTER)

Bio

Jatea, edatea, arnasa hartzea eta soinuak kolpa zaitzan uztea. Technoa entzun eta dantzatzea, sarritan, gorputzaren esperientzia erabat fisikoa da. Ez dago zertan pentsaturik. Gorputza eta gogoa batera mugitzen dira dunbalen erritmoan. Baina beste batzuetan badirudi soinuak lurra utzi arazten digula, gure irudimenak gorputzak utzi eta gora igotzen direla eta orduan technoa amesten dugu, eta technoak amets eginarazten digu. Eta azkenean nahastu egiten ditugu entzuna eta amestua, eta ez dakigu zer dagoen zeren aurretik. Hortxe, uneren batean edo bestean guztiok bizi izan dugun puntu zehaztuezin horretan jaio zen, 1990eko hamarkadaren hasieran IDM edo Intelligent Dance Music delakoa. Hori izan da musika elektronikoaren historiako etiketa zoritxarreko eta ergelenetakoa, eta, hala ere, haren aldaera ederren eta emankorrenetako bat izendatzen du.

IDM kontzeptua Warp diskoetxe mitikoarekin lotuta dago guztion oroimenean, eta hura gogora ekartzean, hasiera batean, Autechre, Aphex Twin edota Boards Of Canadá izenak datozkigu oroimenera. Dudarik gabe guztiek merezi dute historiak haientzat gorde duen leku nabarmena. Baina bada laugarren izen bat, beti segundo batzuk geroago etortzen dena. Izenburua alde batera utzi eta artikulua irakurtzea eskatzen duen izen bat, inoiz ez baitzuen beste haien entzuterik lortu eta «iniziatuen» musika batekin, «genero» ideia batekin lotuta geratu baita, hain «apurtzailea» edo «iraultzailea» jotzen ez delako. B12 da izen hori, Steve Rutter-ek eta Mike Golding-ek 1991n sortua, eta Electro-Soma(1993), haien behin betiko lana. Altxor hilezkor eta ukaezina.

Diotenez, 1990eko hamarkadaren hasieran Steve eta Mike Warp-en bulegoetan agertu zirenean 6 disko egiteko kontratu bat eskaini zieten, Richard James-ek, Aurechre-k edota Black Dog-ek izenpetu zutenaren antzekoa. Hitzarmen horrek ia milioi bat librako diru-aurrerapen bat esan nahi zuen. Mike-k eta Steve-k elkarri begiratu eta pentsatu zuten inoiz ez zirela hainbeste diru irabazteko gai izango eta, beraz, diskoetxearen arduradunen begirada harrituaren aurrean uko egin zioten eskaintza bikain hari. Nahiago izan zuten diskoz disko lan egin eta 3 LP egin zituzten guztira, beren erritmoan eta beren erara. Ez Electro-Soma-k eta ez gainerakoek ez zuten Warpen beste argitalpen batzuen osperik lortu. Seguru asko diskoetxeak ez zuen diskoa sustatzeko ahal zezakeen guztia egin, baina egia da, orobat, bikotearen lanak eta jarrerak ez zuela musika jenial eta irudikorrari egotzi ohi zaion kutsu desafiatzaile eta zertxobait zakarrik ere. B12-ren musika ez da deserosoa; ezaguna egiten zaigu haien doinuak gu ohartu baino asoz lehenagotik gure ametsetan bizi zirelako. Ez dute guri etorkizunaz hitz egiteko beharrik, haien soinua beste dimentsio batetik baitatorkigu, denboraz dugun ikuspegi linealaz bestelakoa den batetik.

25 urte igaro ondoren, Steven Rutter-ek, bakarrik, B12 izena berreskuratu eta musika egin du berriz ere, aurrekao bezain ederra, izan ere dena aldatu baita, baina ezer ez baita aldatu laurogeita hamarreko urrun hartatik hona. Eta haren Electro-Somaorduan bezain polita entzuten da, edota politagoa. Horregatik berriz ere zuzenean jotzea erabaki du  —aldi berean Warp-ek diskoa berrargitaratuko du eta baita  Electro-Soma II ere, garai hartako lan argitaragabeak bilduz— eta technozaleen belaunaldi berriei altxor hori eskaintzea. True technoa.

Urrian etorriko da Steve MUGAKOra gure Analogical Force txit miretsien showcase-aren parte gisa. Hala dio madrildar plataforma horri buruz arduraduna den Pervert-ek: «kluben, koipe-emateen, labankaden eta Madrilgo gaua kutsatzen duten aurreiritzien mende egon gabe nire iritzia emateko lekua da, askotan zerikusi gutxi izaten baitute benetan garrantzia duenarekin, musikarekin. Analogical Force nire oso neurrira egindako kontzeptu bat da, bihurria eta modatik kanpokoa, bertso solte kakazu bat».

Video