«Musikak oilo-ipurdia jartzen badizu bide onetik goaz»
1970eko hamarkadaren bukaeratik 1980koaren erdi alderako synth-wave, post-punksoinu industrialen eztandak inspirazio- eta etengabeko aurkikuntza-iturri izaten jarraitzen du eta, bai, emozio askoren eta oilo-ipuirdi askorena gutako askorentzat eta MUGAKOra gonbidatutako artista askorentzat. Joan den urtean Minimal Wave-ko Veronica Vasicka-k gozarazi bazigun bere saio dotorearekin, aurten Alessandro Adriani-ren txanda izango da, Mannequin Records-en buruarena, munduaren ondare zabal eta aberats hori guztia berreskuratzeko gehien eta ondoen lan egiten ari den diskoetxeetako bat. Hori guztia Alessandro-ren pazientzia eta jakin-min amaigabeari esker, garai hartako italiar eszena ia ezezagun eta txit aberatsaren zinta eta grabazio zaharren arakatzaile eta bildumagile nekaezina baita. Diskoetxea sortu zenetik azken 10 urteotan lan hori ebouzionatuz joan da, espazioan eta denboran hedatuz, gaurko egunetara eta beste herrialde batzuetara, hala nola Frantziara, Alemaniara edota Ingalaterrara, inoiz ere esentzia galdu gabe eta begirada txit fin batekin, askotan mundutxo horretan ikusten diren jarrera harroak batere gogoko ez dituela, hala ere.
Inork ezin du Alessandroren ikuspegia berak baino hobeto deskribatu: «Nire ustez, techno-ko DJak YouTube, Soundcloud, Spotify eta horrelakoetan entzungai dauden diskoei eta abestiei esker hasi ziren Mannequin Records-en argitaratzen dugun musika minimal synth eta industrialarekiko jakin-mina izaten neurri handi batean… Baina era horretako musika asko eskura daukagu, hain zuzen ere, mundu osoko bildumagileek beren diskoteka osoak Interneten hustu dituztelako, horren ordainez zentimo bat ere eskatu gabe, eta errespetu handia zor diegu. Horregatik, ezin dut ulertu nola DJ batzuk halako elite bat sortzen saiatzen diren musika elektronikoaren underground eszenaren barruan. Nazkagarria iruditzen zait betiereko lehiaketa lerdo hori, ea nor den halako edo holako abesti “ezezaguna” jartzen duen lehendabizikoa. Gorroto dut elitismoa, zera irudikatzen baitu: etengabe elkarri erronka jotzen ari den jende askojakinen zirkulu itxi bat; eta horrek ez garamatza inora, norbere egoaren loriatzera izan ezik. Musika egitate sozial bat da, esperientziak eta emozioak partekatzeko bitarteko bat… Musika esperientzia partekatu bat da eta hala gozatu behar da… Artista-komunitate sendo bat eraiki behar dugu, bere ikuspegiarekin, kulturarekin arimarekin eta esperientziekin gainerako guztiena aberastuko duena. Hain egozentriko izateari utzi behar diogu, dena negoziora bideratzeari utzi behar diogu eta buru irekiago bat izan. Askotan erori naiz lakio berean, eta ondotxo ulertzen dut zer esan nahi duen. Zenbait putzutan sartu behar duzu norabide zuzena zein den ulertu aurretik».
MUGAKOkook bat gatoz erabat hitz horiekin eta harro eta pozik gaude gure artean dagoelako. Alessandro-k 10 urte daramatza Mannequin Records diskoetxearen zuzendari gisa eta DJ eta ekoizle gisa lanean, bere izenarekin edota Newclear Waves izenarekin, baita beste diskoetxe batzuetarako ere lan egiten Straboscopic Artifacts, Pinkman eta Monofonous Press diskoetxeetarako, adibidez, eta hori ospatzeko disko berezi bat kaleratu du. Mannequin-en 100. alea Silent Servant, Ron Morelli, Beau Wanzer eta kideko artisten abesti sorta batek osatuta dago, diskoetxe horretan oraindik ezer argitaratu ez duten artistak, baina nola edo hala urte hauetan laguntza eta babesa eman diotenak. Future WavesIzena eman diote, atzerako begirada erabat baztertuz eta aurrera, diskoetxearen etorkizunari begiratuz. Beti abian, beti bila, partekatzen eta taldean disfrutatzen. Urrian hemen, MUGAKOn.